Fundazioa
Hamaika Fundazioa, telebistan euskararen erabilera sustatzeko sortu da. Euskara, pixkanaka, badoa gizarteko esparru ezberdinetan bidea zabaltzen eta azken urteotan gure hizkuntzak idatzizko zein ikus-entzunezko komunikabideetan emandako aurrerapenak nabariak izan diren arren, oraindik ere erabilera normalizatura heltzeko tarte handia geratzen da.
Ikus-entzunezkoen sektorean euskarak daukan presentzia murritzak izugarrizko gainkarga sortzen dio gure hizkuntzan kalitatezko produktuak eskaini nahi duenari. Gure herrian oraindik, euskaraz ekoiztea gazteleraz ekoiztea baino garestiagoa da dudarik gabe. Are gehiago, euskaraz ez diren edukiak euskaratu egin behar direnean.
Fundazio honen funtziorik nagusiena beraz, gainkarga ekonomiko hori arintzea izan nahiko luke, euskaraz eginiko tokiko telebistei eta euskaraz egindako ekoizpenari sostengua emateko, euskaraz lan egingo duten profesionalak trebatzeko, merkatuan dauden produktuak euskarara bikoizteko, eta euskaraz eginiko publizitateari aukera berriak zabaltzeko, besteak beste.